28 Abr Hezkuntzaren Aldeko Mundu Kanpaina Euskadin: COVID-19a hezkuntzan izaten ari den ondorioak
Nola eragiten dion itxialdiak hezkuntzari
Bizitzen ari garen osasun-krisi honek gure ohiko bizimodua aldatu du 2020ko martxotik aurrera; horrez gain, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-arloan ere izan du eragina. Ikastetxeak itxi direla-eta, ia mundu osoko herrialdeetako haurrak eta nerabeak etxean geratzen ari dira, eta horrek zenbait ondorio ekarri dizkio haur eta nerabe horien hezkuntzari eta garapenari. Hain zuzen, Euskadiko Hezkuntzaren Aldeko Mundu Kanpainak ondorio horietan jarri nahi du arreta. Esate baterako, Euskadin adin guztietako 425.000 ikasleri eragin die egoera horrek, gutxi gorabehera.
Itxialdiak berekin ekarri du familiek beste egoera eta errealitate batean bizi behar izatea, eta horren ondorioz, haurren ohiturak ere aldatzen ari dira. Onenean, ikasgelen ordez pantailak dituzte orain; horrek zaildu egiten du ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza eskuragarri izatea, baina zenbait aukera interesgarri ere jartzen dizkigu aurrean. Izan ere, krisia dela-eta agerian jartzen ari da zeinen garrantzitsuak diren aurretik bigarren mailan zeuden zenbait ikasgai edo trebetasun sozial: besteak beste, artea, musika, kirola, elkartasuna, sormena, herritartasun globala geure sentitzea eta enpatia. Bestalde, behin krisi hau amaitu orduko irekiko den garaian, gure egitekoa izango da arretaz aztertzea zer eskatzen zaion hezkuntza-sistemari nahi dugun herritartasun globala eraiki ahal izateko.
Argi dago, beraz, bizi dugun egoera korapilatsua dela oso; familia zaurgarrienentzat, bereziki. Ikastetxeak itxi izanak areagotu egiten ditu desberdintasunak, zaildu egiten baitu guztiok hezkuntza-baliabideak nahiz zaintzak (elikadura egokia, adibidez) berdintasuneko baldintzetan eskuratzeko aukera izatea; eta horrek eragin nabarmena du haurren garapenean. Horregatik, Hezkuntzaren Aldeko Mundu Kanpainak #IrakaspenikOnena kanpaina sustatu du duela gutxi: batetik, ikusgarri egiteko nola ari diren jokatzen haurrak eta haien familiak ikaskuntzarekin jarraitzeko eta egoera honetatik irakaspen onenak ateratzeko; bestetik, administrazio publikoei eskatzeko jar ditzatela familia zaurgarrienak beren jardueraren lehentasunen artean.
Aitortzen ditugu azken aste hauetan administrazio publikoek eta eragile sozialek abian jarri dituzten ekimenak, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubideak jarraitutasuna izan dezan bermatzea izan baitute helburu. Alde horretatik, kontuan izan behar dugu, lehenik, arrakala digitala ukaezina dela: EINen datuen arabera, “Espainiako etxeen %8,6k ez zuen Interneterako konexiorik 2019an», eta hamar familiatik bik ez zuen ordenagailurik etxean. Beste alde batetik, familia askok seme-alaben jarraipena egiteko dituzten zailtasunek eragindako arrakala dago, ez baitute nahikoa gaitasun, denbora eta/edo baliabide haiei laguntzeko. Hortaz, on-line eskolarik gabe eta laguntza egokirik gabe, milioiren bat haurren hezkuntza-eskubidea bertan behera gera daiteke, eta horrekin, arrakala soziala areagotu.
Beren seme-alaben osasunagatik kezkatutako hainbat familiaren kexak jaso ditu Gobernuak azkenaldian. Ea, bada, itxialdiarekin arian-arian amaitzeko agintarien araudi berriak zertxobait arintzen duen gazteenen eta haien familien egoera, paseoan ibiltzea, aire freskoa arnastea eta eguzkiaren izpiak jasotzea oso beharrezkoa baita garapen egokia izateko. jaIzan ere, jakina da etxebizitza batzuen eta besteen arteko baldintzetan dauden aldeak kalte handiak eragiten ari zirela.
Garai zail hauetan, funtsezkoa da kontuan hartzea zenbateraino diren garrantzitsuak pertsonen arteko sareak, elkartasuna, tratu egokia eta gizarte-erantzukizuna. Horregatik, gaur, inoiz ez bezala, azpimarratu nahi dugu GIHak eta 2030 Agenda aintzat hartu behar direla, eta estatuei gogorarazi nahi diegu oso garrantzitsua dela pertsona guztiek hezkuntza kalitatezkoa, inklusiboa eta bidezkoa izatea, eta oso garrantzitsua dela, halaber, hezkuntza horretan pertsonen eta gure planetaren bizitzarako funtsezko ahalmen eta gaitasunen garapena izatea ardatza.